2023 urtarrileko hitza
Arberoa Ikastola, Donamartiriko Arberoa Ikastolan eskolatuak diren haurren burasoen elkartea da. Hezkunde nazionalaren ardurapeko eskola da, Euskarazko murgiltze sisteman oinarritzen dena. 2022/2023 ikasturteko sartzea 56 ikaslerekin iragan da.
2022an, COVIDak oztopatu aintzineko 2 urteetan baino ekitaldi gehiago antolatu ahal izan ditugu. Lehenik, xantza badugu buraso musikarien ukaitea Arberoa Txarangan. Ondorioz, antolatzaile ezberdinek deitu dituzte beren animazioen segurtatzeko (10 bat ateraldi 2022an) – Txarangaren irabaziak ikastolaren konduetan sartzen dira ekitaldietarik landa. Gero, 4 bertsolari ederki ari izan dira Izturitze Artetxean, martxoan, Korrika Kulturala kari. Apiril eta maiatzean, txokolate eta bixkotxen salmentak muntatu ditugu (legebiltzarreko bozen karietara eta Integrazio Batzordearen alde).
Apirilean beti, Hazparneko Mendealak gerizatu dantza ikusgarriak, Zarena Zarelako horien buru, kausituak izan dira. Eta maiatzean, arrakasta bera ardietsi du Garaziko ikastolako burasoek eman Saga Ikastola antzerkiak, Armendaritzen. Hiru Zango kirol hitzordua Hazparneko Ezkia Ikastolarekin proposatu dugu ekainean. Eta gure urteko besta, Arberoa Eguna, ekainaren 25ean ospatu dugu. Uztailean, Donamartiri, Donoztiri, Izturitze eta Aiherrako herriko etxeek bultzatu udako ostiraler abiada ederki eman diegu gure txarangak Mutxiko Gaua alegeraturik, eta Donamartiriko besten idekitzea ospaturik. Baliatzen gira pesta komitea eskertzeko. Udan zehar, ikastolako aparkalekuaren obrak bururatu ditugu.
Azaroan, Belorritzek apailatu Mendixken lasterkaldia kari, janaria prestatu dugu. Abendu hastapenean, berriz antolatu ahal izan dugu Eguberriko merkatua Izturitzen.
Denbora berean, « Euskara gehiago eguneroko gauza ttipietan » lemarekin, eguneroko bizian erabiltzen diren produktuak saldu ditugu interneten bidez. Bururatzeko, etxeetan banatu gutunetan idatzi dugun bezala, Arberoa Ikastola egoera ekonomiko zailean izan daiteke ondoko hilabetetan, gastuen emendatze orokorraren ondorioz, eta laguntza behar du. Gurasoak mobilizatzen gira, eta dei berezi bat luzatzen diegu herritarrer, sustengu kanpaina abiatuz.
Milesker eta urte berri on deneri !